martes, 6 de mayo de 2008

Zergatik bidaiatzen dugu?

Galdera horri erantzun bat eman nahian Australiara eta Japoniara joan dira Ander eta Jon. Bideokamera eskuan, bidaiaren sena harrapatzeko asmoz edo. Euren bloga irakurtzen, bertako argazki ederrak ikusten, idatzitako pasarteekin gozatzen... erantzun bat barik, erantzun desberdin asko bildu dituztela ematen du.

Horregatik behar bada, berriro etxean direla, elkarrizketa gehiago grabatzen jarraitzen dute. Dokumentala amaituta eta zine aretoetan ikusteko itxaron egin beharko dugula ere esaten digute. Hor ere ez dute lan makala. Muntaketa, postprodukzioa eta banaketa egiteko finantziazio lortzea, planteatu duten galdera potoloari erantzun bat topatzea baino zailagoa ez ote da izango? Bejondeiela proiektua aurrera ateratzen badute!

Ordura arte, Australia eta Japonian grabatutakoaren aurrerapen bat. Ea horrela inspirazioa etorri, eta benetan axola duen galderari erantzuten diogun: Eta zuk, zergatik bidaiatzen duzu?